

Esan bezala, 06:30 aldera abiatu eta Manu, ikastolako zuzendaria, Tolosan jaso ondoren, Miramongo parke teknologikora joan gara 20:00ak inguruan hastekoa zen sari-banaketan egoteko. Iritsi baino lehen ere aurreko egunetan eztabaidagai izan duguna izan dugu berriz ere mintzagai: nork lagunduko Maiteri taulatura saria irabaztekotan? Batek ez duela balio, bestea erdi-gaixo dagoela… Lunch-a jango genuela esan zuenean, ez genuen bada halako oztoporik jarri! Azkenean, Maialeni egokitu zaio igotzea, eta, zer esango dut bada, Sara eta ni behintzat pozik geratu gara!
Ekitaldia hasteko 10 bat minutu falta zirenean, Maite batekin eta bestearekin hizketan: diariovasco.com-eko gerentea dela, Euskaltubeko administraria den Haritz Rodriguez dela, Luistxo Fernandez… Eta gu, berriz, noiz hasiko deseatzen, bai irabazle ote ginen jakin nahi genuelako, eta baita gosetuta ginelako ere! Ekitaldia hasi eta, hainbat sari eman ondoren, iritsi da gurea (Maite atzazalak beharrean, hatzak ere jaten ari zen ordurako!). Laukote “famoso” (nik ez nituen ezagutzen baina Golden Apple Quartet izena dute) baten zaratotsak egoerari are tentsio gehiago eransteko eta, azkenean, esan dute irabazlearen izena…