Internet berriak dituen ezaugarri nagusienetako bat baliabide ezberdinen arteko konbergentziarena da. Izan ere, aplikazio mordoa daukagu eskura gure multimedia ekoizpenak (argazki, bideo, audio zein dokumentuak), sarera igo ondoren, guk kudeatzen ditugun webguneetan txertatzeko. Horrela gure bideoak YouTube edo Google Videora igotzen ditugunean, argazkiak Flickr edo Photobucket-era, dokumentuak Scribd-era eta gure audio fitxategiak Odeo, Evoca edota Goear-era, badakigu zerbitzu hauek guztiek, baliabide hauek beste gune ezberdinetan berrerabiltzeko aukera erraza ematen digutela, hala nola, gure blog propioan, Twitter-en edota Facebook-en ere. Sarera igotzen ditugun baliabide horiek gune edo zerbitzu ezberdinetan egonda ere, edozein webgunetan konbinatzea oso gauza erraza bihurtu da.
Urte batzuk daramatzagunok horrelako online aplikazioak erabiltzen, askotan topatzen gara gure baliabide hauetako batzuk editatzeko beharrarekin; argazkiei ukitutxo bat eman, bideoei sarreratxo bat ipini… behin baino gehiagotan egin behar dugun zerbait izaten da. Duela gutxi arte, edizio lan hauek burutzeko derrigorrezkoa izaten zen argazki nahiz bideoak gure ekipora jaistea, lokalean instalatutako aplikazio batekin editatzea eta, ondoren, internetera berriro igotzea. Noizean behin egin beharreko lana zen bitartean arazorik ez. Baina nire kasuan, azken hilabete hauetan ekoiztutako baliabide digitalen hazkuntza izugarria izan da, sarera igo dudan baliabide hauetako askok oinarrizko edizioa eskatzen dutelarik. Horrela, azken asteotan baliabide hauek online editatzeko aplikazioen bila aritu naiz. Eta, egia esan, mordoxka bat aurkitu ditut.
Aplikazio hauek gure ordenagailuetan instalatuta ditugun aplikazio gehientsuenek aurkezten duten edizio-ahalmenaren azpitik baldin badaude ere, bi dira, nire ustez, hauekiko dituzten abantaila nagusienak:
* Gure baliabideen oinarrizko edizioa egiteko tresna sinple (oso, oso sinple) eta azkarrak dira. Ez da beharrezkoa editore profesionala izatea gure lanei oinarrizko ukituak emateko.
* Multimedia baliabide biltegi nagusienekin (YouTube, Flickr, Photobucket, Facebook…) lotura zuzena eskaintzen dute, gure edukiak deskargatu beharrik izan gabe editatzeko aukera eskaintzen dutelarik.
Jarraian, dagoeneko probatu ditudan aplikazio batzuen oinarrizko deskribapena eskaintzen dizuet. Aurrean esan bezala, ugariak dira sarean topa daitezkeen edizio tresnak. Nik aukeratu ditudanak goiko bi parametro horiei egokien erantzuten dieten tresnak direla iruditzen zait. Benetan harrituta geratu naiz hauetako batzuek eskaintzen dutenarekin. Ea zuei zer iruditzen zaizuen.